Euskalbar 3.5 eta 3.6: bi eguneraketa batera
2009ko ekainean Gmane posta-zerrenden biltegiko arduradunengandik jasotako eskari baten ondorioz, aurrerantzean ItzuL posta-zerrenda Gmanen ez kontsultatzea erabaki dugu. Irtenbide gisa, ItzuLen kontsulta Google Search bidez egiten du orain Euskalbarrek. Aldaketa hau egingo genuela baliatuta, beste hobekuntza batzuk sartu genituen bertsio berrian. Erabiltzaileentzako nabarmenena Labayru hiztegiaren kontsulta gehitu izana da. Orain bizkaiera eta batua uztartzen dituen hiztegi hau kontsultatu ahal da bai modu sinplean bai bilaketa konbinatuetan.
Bertsio honetarako egindako beste zenbait aldaketa teknikoagoen ondorioz, Euskalbar ezin izango da instalatu Firefoxen bertsio zaharrenetan. Euskalbar instalatu nahi duenak edo bertsio berri honetara eguneratu nahi duenak ezinbestez eduki beharko du duela urte t’erdi argitaratutako Firefox 3.0 bertsioa edo berriagoa.
Euskalbarren bertsio hau, 3.5 deitu genuena, Mozillaren hedapenen webgunean (AMO) argitara zezaten itxaroten ari ginela, Euskaltzaindiak Orotariko Euskal Hiztegia sareratu zuen duela bi aste. Baliabide hau Euskalbarren integratzea garrantzitsua zela erabaki genuen eta berehala prestatu genuen Euskalbarren eguneraketa azkarra, 3.6 bertsioa, eta AMOra bidali genuen. Azkenean, gaur argitaratu dute, eta laster Euskalbar instalatuta daukaten ordenagailuek gehigarria eguneratzeko oharra jasoko dute.
Bi bertsio hauetarako egindako aldaketa guztien zerrenda hemen dago.
Euskalbarren bertsio berriena instalatu nahi izanez gero, sakatu hemen.

2009/11/03 / 6:06 pm
Kaixo,
Bi arazo izaten ari naiz azken bertsioarekin:
A) Ezin dut Labayru hiztegia euskalbarren tresna barratik desaukeratu.
Saguaren eskuineko botoiarekin tresna barraren gainean sakatzean ez da Labayru zerrendan agertzen eta, beraz, ezin desaukeratu
B) Bilaketa konbinatuetan ez zait Hiztegi Batua kargatzen
“Ezin izan da Hiztegi Batua kargatu” jartzen du beti.
(Ctrl + Enter bilaketa aureratuan)
Berrinstalatuta ere, arazoa ez da desagertu.
Balioko dizuelakoan, ta eskerrik asko zuen lanagatik.
Kixmi
2009/12/31 / 12:27 am
@Kixmi
Labayru hiztegi finkoa da, hizkuntzaren arabera agertzen eta desagertzen da. Beti dago bistan ES hizkuntzarekin eta ezkutatu egiten da beste hizkuntzekin.
Hiztegi Batua, berriz, ondo dabil bilaketa konbinatuetan nik egindako probetan.
Asier.
2010/01/24 / 3:21 pm
Bai, gero konturatu nintzen Labayru hiztegi finkoa zela, barkatu.
Dena den, nik aukerako hiztegi gisa jarriko nuke (baina hori nire iritzi pertsonala da, nire lan moduari egokiagoa zaiolako, besterik gabe).
Hiztegi Batuari dagokionez, Enter bidez egiten diren bilaketetan agertu egiten dira HBko emaitzak, baina Shift+Enter eta Ctrl+Enter bilaketetan ez, beti “Ezin izan da Hiztegi Batua kargatu” ateratzen da.
Ez dakit nire arazoa bakarrik izango den.
Ondo ibili!
Kixmi