Euskalbar 100.000 aldiz deskargatu da Mozillaren hedapenen webgunetik
Hiru urte eta erdi igaro dira Euskalbar Mozillak hedapenetarako duen webgunean (addons.mozilla.org edo AMO) sartu genuenetik. Lehenago Euskalbar Internet&Euskadi elkartearen webgunean egon zen denbora luzez, eta 1.x eta 2.x serietako bertsioak bertan daude oraindik.
2007ko urriaren 5ean Euskalbar 3.0 jarri genuen AMOn, eta ordutik eduki dituen deskargak 100.000 izatera iritsi dira. Une egokia, beraz, Euskalbarren estatistikei begiradatxo bat botatzeko.
(Sakatu irudietan handiago ikusteko)
Kontuan izan estatistika hauetan ez direla kontuan hartzen bertsio berritzeak; beraz, bertsio batetik hurrengora eguneratzean gertatzen diren deskargak ez dira zenbatzen.
Goiko irudian eta hurrengoetan kontuan hartu beharreko beste faktore garrantzitsu bat oporraldiak dira: opor garaietan asko jaisten da deskargen kopurua, eta oporrek eragina dute geroago ikusiko ditugun beste berezitasun batzuetan.
Euskalbar batez beste 70-80 aldiz deskargatzen da egunero. Bestalde, eguneko erabiltzaile aktiboen kopurua 10.000 inguruan dago. Honek esan nahi du Euskalbar instalatuta daukaten 10.000 Firefox konektatzen direla sarera egunero. Adi, ez du esan nahi 10.000 ordenagailu horietako erabiltzaileak Euskalbar erabiltzen dutenik, instalatuta daukatela baizik. Kontuan hartu, baita ere, jende askok ordenagailu bat baino gehiago eduki dezakeela (bat etxean, bestea lantokian, etab.).
Datu espezifikoagoetara joz, goiko irudiak erakusten du une honetan Euskalbarren zein bertsio ari den erabiltzen 10.000 horietako bakoitza. Datuak asteetan pilatuta daude. Ikusten denez, duela hilabete argitaratu genuen Euskalbar 3.9 oraindik ez da nagusitu erabiltzaileen artean. Normalean bertsio berria dagoenean ordezkapena oso azkarra izaten da, eta astebete inguruan erabiltzaile gehienak bertsio berria ari dira erabiltzen. Oraingo honetan aldaketa motelagoa izango da, Euskalbar berria erabiltzeko Firefox 4.0 edukitzea derrigorrezkoa delako, eta Firefox berriaren eguneraketa ez denez automatikoa, jendeak denbora gehiago beharko du azken puntako Firefox eta Euskalbar erabiltzen hasteko.
Goiko irudian Euskalbar erabiltzaileek Firefoxen modu lehenetsian ezarrita daukaten locale-ak (ulertzeko, nabigazio-hizkuntza) ikus daitezke. Arruntenak soilik ageri dira irudian, guztira 50 locale ingurutan nabigatzen duten pertsonek daukate Euskalbar instalatuta.
Ikusten denez, gaztelania (es-ES locale-a) eta euskara (eu eta eu-ES locale-ak) nahiko parekatuta ageri dira. Bi berezitasun: alde batetik, oporraldietan euskaraz nabigatzen duten Firefoxak jaitsi egiten direla gaztelaniakoekin alderatuta, seguru asko eskoletako oporraldien eraginez; eta bestetik, Euskalbarren bertsio berriarekin, duela hilabetetik hona, handitu egin dela euskaraz nabigatzen duten lagunen kopurua.
Azkenik, irudi honek erakusten du nola banatzen diren Euskalbar erabiltzaileak sistema eragilearen funtzioan. Oro har, Euskalbar erabiltzaileen %90ak Windows darabil, %5ak Linux, eta beste %5ak Mac (irudian Darwin izenarekin identifikatuta dagoena). Bitxikeria gisa, kasu honetan ere desberdintasunak daude oporraldien arabera: eskola-sasoietan Linux erabiltzaileen ehunekoa igo egiten da beste biekin alderatuta. Honen arrazoia izan daiteke eskola batzuetan GNU/Linux sistemaren aldaeraren bat erabiltzen ari direla.





Utzi erantzuna